Musikaren errituala biziki atsegin dut kulturaren eta antropologiaren ikuspuntutik. Nire eraginak munduko musika tradizionaletatik hasi eta arte garaikidearen markoko soinu-arteraino -erakusketa nahiz zuzeneko formatuak barne- hedatzen dira.
Lutheria esperimentalaren esparrua deitzen diodan horren barruko ikerketa praktikotik abiatzen naiz. Soinu-artefaktuak diseinatzeko eta fabrikatzeko asmatutako hamaika baliabide mekaniko eta akustiko neureganatzen ditut. Prozesuaren alde artesanalari esker, gauzak egokitzeko, eraldatzeko eta nahasteko aukera dut, eta aztertu nahi ditudan kontzeptuak tartekatzen ditut hor.
Alde batetik, ekarpen teknikoa eta ondarezkoa egiten diot testuinguru sozialari: bai neuk eta bai beste pertsona batzuek erabili eta berreskura ditzakegun aukera espresiboak aztertzean eta partekatzean. Bestetik, era ukigaitzagoan agian, aurrez ezarritako dinamiken mugak aztertu eta zenbait alternatiba planteatzen ditut gure testuinguru soziokulturaleko musika-erritualarekiko.