https://tunipanea.com/
You are currently viewing Tunipanea

Musikaren errituala biziki atsegin dut kulturaren eta antropologiaren ikuspuntutik. Nire eraginak munduko musika tradizionaletatik hasi eta arte garaikidearen markoko soinu-arteraino -erakusketa nahiz zuzeneko formatuak barne- hedatzen dira.

Lutheria esperimentalaren esparrua deitzen diodan horren barruko ikerketa praktikotik abiatzen naiz. Soinu-artefaktuak diseinatzeko eta fabrikatzeko asmatutako hamaika baliabide mekaniko eta akustiko neureganatzen ditut. Prozesuaren alde artesanalari esker, gauzak egokitzeko, eraldatzeko eta nahasteko aukera dut, eta aztertu nahi ditudan kontzeptuak tartekatzen ditut hor.

Alde batetik, ekarpen teknikoa eta ondarezkoa egiten diot testuinguru sozialari: bai neuk eta bai beste pertsona batzuek erabili eta berreskura ditzakegun aukera espresiboak aztertzean eta partekatzean. Bestetik, era ukigaitzagoan agian, aurrez ezarritako dinamiken mugak aztertu eta zenbait alternatiba planteatzen ditut gure testuinguru soziokulturaleko musika-erritualarekiko.

Bio

Jonathan García Lana (Hasselt, Belgika, 1985), a.k.a. Tunipanea, inter-media artista da, eta soinu ingurunearekin egiten du lan batez ere. Bere ikerketa independentean, eguneroko teknologiak dituen erabilerak berradierazi egiten ditu, teknologia espresio-tresna eta gizarte-eraikuntzarako mekanismo gisa ulerturik. Bere azken proiektuen artean, nabarmentzekoak dira Tabakalerako Medialaben igarotako egonaldi artistikoa eta Mekanika Behartuak erakusketa, Oihane Iraguenekin lankidetzan (2020), Bizkaiko Foru Aldundiaren arte-sorkuntzarako beka, Ekhoren zigorra proiektuarekin (2020), Eusko Jaurlaritzaren sorkuntzarako beka, Zoriaren erritmo intimoa proiektuarekin (2020), BilbaoArte Fundazioan egin zuen banakako erakusketa (2016), eta Eusko Jaurlaritzaren sorkuntza-lantegietan gauzatutako Intonarumori-aren bariazioak egitasmoak jasotako saria.