http://juanagarciapozuelo.com/
You are currently viewing Juana García-Pozuelo

Gogoan erabiltzen ditudan esperientzia pertsonalak dira nire motibazioen iturburuak, modu nahiko kriptikoan lan piktorikora eramanak. Surrealismoa, Sinbolismoa, filosofia klasikoa, okultismoa, fantasiazko literatura, teosofia eta psikologia dira identifikatzen naizen korronteetako batzuk. Espiritualtasuna ebokatzea bilatzen dute mugimendu hauek guztiek; nozio iheskorra da, eta, itxuretatik harago joanda, adimenaren gaitasunetara eta errealitatearen muinera iristeko bidea. Oinarrizko gaseosa horretatik lan egiten saiatzen naiz.

Pintorea naiz; hala identifikatzen dut neure burua. Nire ekoizpen piktorikoa sortzeko, buruan pixkanaka eraikitzen ditudan zenbait irudi mentaletatik abiatu, eta horiek errealitatera eramaten saiatzen naiz, prestatze-marrazkien, zirriborro digitalen eta, azkenik, pinturaren bidez. Gainera, dokumentazio bisualeko artxibo ikaragarri handia daukat, denboran zehar bildua; lehen, paperean izaten zen, eta orain, ezinbestean, hondorik gabeko putzu horretan, Interneten, non koloreagatik, estetikagatik, edo transmititzen duten ideia edo sentsazioagatik interesatzen zaizkidan erreferentziak aurkitzen ditudan.

Nire koadroak lasaiak dira, estatikoak; hala eta guztiz ere, begiesten dituenarengan barne-mugimendua sortzeko gauza dira haietako batzuk. Kontenplazio hori leiho gisa ulertzea gogoko dut, gaur egun sortzen diren fikzio ugarietako bat bailitzan; baina kasu honetan, lan pixka bat eskatzen du, gidoirik ez dagoelako, baizik eta normalean erreparatzen ez zaion bizitzaren alderdi batekin konektatzeko balio duten elementuen puzzlea: barne-mundua alegia; irudimen aktiboa; eta egunerokotasuna, albisteak eta pandemia ez diren kontuen inguruan fantaseatzeko gaitasuna.

Bio

Juana García Pozuelo (Logroño, 1978) Arte Ederretan lizentziaduna da EHUn, eta Arte Sorkuntza eta Ikerketako masterra unibertsitate berean. New Yorkeko School of Visual Arts-en nahiz Europako zenbait ikastarotan trebatzen jarraitzeko aukera izan du, ezagutzak berritu eta bere praktika artistikoaren zeruertza zabaldu nahian. Honi esker, erakusketa askotan parte hartu du 2001etik aurrera -modu profesionalean margotzen hasi zenetik, alegia- eta hainbat sari eta beka jaso ditu urte hauetan; besteak beste: BilbaoArte, 2003an eta 2010ean; Pariseko Cité Internationale des Arts, 2019an, Institut Françaiseko Laureat gisa; New Yorkeko Staten Islandeko Snug Harbor Cultural Center; eta Bizkaiko Aldundiaren Arte Plastikoen beka.