https://www.mawatres.com/
You are currently viewing Mawatres

Sorkuntza bide gisa ulertzeak motibatzen nau, lengoaia gisa, bizitakoa ber-kontatzeko, balioa ematen zaion hori alegia, kontatzea merezi duena. Nire erreferenteak anonimoak nahiz transbertsalak dira; izen handiak batzuk, behin-behinekoak besteak. Pentsamenduaren, kulturaren edota historiaren erreferenteak, eta baita pop kulturaren edo mainstreamaren elementuak ere; izen erabat ezezagunak zein korronte handietatik kanpokoak.

Nire ustez, forma eta edukia bezain garrantzitsua da ikerketa. Lan eta ekoizpen ildoak artxiboarekin, datuekin eta esperientziekin gurutzatzea interesatzen zait. Gustuko dut pentsatzea nire lanak zenbait egoera komunetara beste bide batzuetatik hurbiltzeko moduak planteatzen dituela.

Nire lanarekin ez dut gizarte-testuinguruan eragin zehatz edo espezifikorik sortzea bilatzen, beste edozeinek bila dezakeenetik harago. Ekoizpen artistikoak ate asko irekitzen dituela uste dut; horien bidez, bestelako planteamendu, forma, eta harremantzeko ikuspegi eta moduetan barneratzen gara. Atalasetik norbait agertzea lortzen badut, nahikoa dut horrekin.

Bio

Juan Pablo Orduñez / MawatreS (Madril, 1986) Arte Ederretan lizentziaduna da EHUko Arte Ederretako Fakultatean. Ikerketa eta Sorkuntza Artean masterra du eta bere doktorego-tesian lanean dago orain, gai honen inguruan: Esku-hartze artistikoa esfera publikoa eraikitzeko metodo gisa. Mediazio eta komisariotza proiektuekin uztartzen du bere praktika artistikoa, eta irakasle gonbidatua da EHUko Arte Garaikide, Teknologiko eta Performatiboa Masterrean. 2011n egonaldi bat egin zuen Pekinen (Txina), eta horrek bere ikerketa-ekoizpen metodoa nolakoa izan behar zen ulertzen hasteko balio izan zion. Ondoren, BilbaoArteko (2013) artista egoiliarra izateko aukeratu zuten, eta geroago banakako erakusketa egin zuen bertan, Hasta la bandera izenekoa. Geroztik, hainbat testuinguru eta kokalekutan proiektuak egin ditu, oroitzaren lengoaiei buruzko analisi eta hurbilketa baten bila. Iaz, lehen saria irabazi zuen Ertibil Bizkaia sortzaile gazteen lehiaketan, eta Yokohamako (Japonia) Koganecho Art Manager Centerreko estudioetan egonaldi artistikoa egin zuen. Hainbat lekutako erakusketa eta programetan parte hartu du: Madril, Bartzelona, Leon, Iruñea, Miami, Leipzig, Austria, Tokio... Edonola ere, proiektuen ekarpenei ematen die garrantzia, eta ez haiek erakusten diren lekuei.