Urteak dira zeramika lantzen dudala nire praktika artistikoan, artefaktu izenez ezagutzen ditudanak sortzen; gorputzaren gaitasunak hedatzeko eta, bereziki, potentzial kulturalak dibertsifikatzeko aukera ematen didate. Objektu horiekin ezartzen dugun gorputz-harremana interesatzen zait. Hala, pieza hauetarako joera dute nire kezka askok, eta baita mistika batek ere, non kanpoko-barneko mugak -gorputzaren, teknologiaren eta naturaren artekoak- lausotzen diren. Apaindura modu kontzeptualean lantzen dut, jakintza afektiboak eta subjektuen arteko harremanak transmititzeko bide gisa ulerturik.
Askotariko praktikekin dauzkat erresonantziak: nola 70eko eta 80ko hamarkadetatik gaur arte feminismoei lotutako zeramika-artisten prozesuekin, hala ekintza-artearekin, performancearekin eta ahozko poesiarekin. Eta maila teorikoan, materialismo berriekin erresonatzen dute egun nire prozesuetako batzuek.
Testuinguru sozialetik elementu berezi batzuk sortu dira, ekoizpen kultural eta artistiko izena har dezaketenak; hala, ez zait iruditzen obra bat testuinguru sozialean sartzen dudanik, eragina bi norabideetakoa baita. Harreman estua dago bien artean. Obrak espazioekin hitz egitera zabal daitezen interesatzen zait, eta espazioek ere obrak zaindu eta haiekiko harremanetara zabaltzea. Nire pieza batzuk laguntzaileekin batera egiten ditut, beraien bizitza-istorioetara egokitutako lanak sortuz.